Testuak deskontuak bermatzen ditu 2026an, mugikortasun iraunkorra eta lurralde kohesioa indartzen ditu.
Madrilen, 2026ko urtarrilaren 27an. Diputatuen Kongresuak 17/2025 Errege Lege Dekretua baliozkotu du astearte honetan (aldeko 179 botorekin, kontrako 32rekin eta 137 abstentziorekin), garraio zerbitzu publikoaren erabiltzaile eta operadoreentzako laguntzen jarraipena bermatzen duena eta milioika pertsonen eguneroko bizitza errazten duen politika publikoa sendotzen duena.
Felix Bolaños Presidentetza, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako ministroak, Gobernuaren ordezkari gisa, Errege Lege Dekretua defendatu du eta azpimarratu du arau horrek “jarraipena eta egonkortasuna ematen diola bere erabilgarritasuna erakutsi duen eta milioika pertsonen mugikortasuna errazten duen politika publikoari, gizarte eta lurralde kohesioa indartzen du eta mugikortasuna deskarbonizatzen laguntzen du".
Gainera, ministroak azpimarratu duenez, 2022ko irailean deskontuak ezarri zirenetik, garraio publikoaren erabilera % 32 baino gehiago hazi da Espainian, eta 2024an, batez beste, 405 milioi bidaia egin dira hilean.
Garraio publikoaren 2026rako hobariak luzatzea
Arauak 2026 osoan luzatuko ditu 2025eko bigarren seihilekoan indarrean egon diren garraio publikoaren hobariak, erabiltzaileei, administrazioei eta operadoreei ziurtasuna eta aurreikusgarritasuna eman nahian.
Estatuaren eskumeneko zerbitzuen esparruan, eskualdearteko autobus zerbitzuetarako eta aldiriko eta distantzia ertaineko trenbide zerbitzuetarako laguntzak mantenduko dira. Gainera, Estatuko autobus zerbitzuetan indarrean dauden neurriak mantenduko dira, hala nola, 14 urtera arteko doakotasuna, 10 bidaiako bonua %40ko deskontuarekin eta hileko abonua %50eko hobariekin (gazteentzat %70).
Autonomia erkidegoen eta toki eskumeneko garraio publikoetan, Errege Lege Dekratuak haurren doakotasuna luzatzen du, bai eta gazteentzako %50eko deskontuak eta gainerako erabiltzaileentzako %20ko hobari orokorra ere. Nobedade gisa, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak zuzenean bere gain hartzen du %20ko hobari orokor horren finantzaketa, autonomia erkidegoei eta toki erakundeei kofinantzaketa gehigarririk eskatu gabe.
Renfen, Aldiriko, Distantzia Ertaineko eta Avant zerbitzuetako egungo hobariak luzatuko dira, eta gune guztietan ere haurrentzako doakotasuna ere gordeko da.
Abonu bakarra eta neurri osagarriak Renfen
Errege Lege Dekretuak Abonu Bakarra sortu du, garraio titulu bat, 30 egunez prezio finkoan joan-etorri mugagabeak egin ahal izateko Estatuaren eskumeneko zerbitzuetan (Aldirikoak, Distantzia Ertainekoak eta eskualdearteko autobusak), helduentzako eta gazteentzako tarifa bereiziekin.
Gobernuak 1.371 milioi euro baino gehiago bideratu ditu 2026an, neurri horiek finantzatzeko, mugikortasun iraunkorraren eta lurralde kohesioaren aldeko apustua sendotuz.