Volver

Bolaños ministroak Toledoko Auzitegi-Medikuntzako Institutuaren egoitza berria inauguratu du

2026/03/12
Bolaños inaugura la nueva sede del Instituto de Medicina Legal de Toledo

Ministerioak 5,4 milioi euro inbertitu ditu eraikin berrian, autopsia- eta identifikazio-aretoak, asistentzia-eremuak eta administrazio-bulegoak barne.

Bolaños Gaztela-Mantxako Justizia Auzitegi Nagusiko presidentearekin ere bildu da, auzialdiko auzitegien hasierako emaitzak aztertzeko, 2026an egindako epaiketak %12,7 igotzen lagundu dutenak.


Madrilen, 2026ko martxoaren 12an. Felix Bolaños Presidentetza, Justizia eta Gorteekiko Harremanetako ministroak Toledoko Auzitegi-Medikuntzako eta Auzitegi-Zientzietako Institutuaren egoitza berria inauguratu du gaur, 3.000 m2 baino gehiago dituen eraikina, 5,4 milioi euroko inbertsioa eduki duena.

Bolañosek egoitza berria eraiki izana Justiziak hamarkadatan izan duen eraldaketarik handienaren barruan kokatu du, Ministerioak abiatuta. Eraldaketa horren barruan sartzen dira digitalizazioa, prozesuak arintzea eta egiturak modernizatzea, eraginkorragoak izan daitezen, plantilla judiziala eta fiskala handitzea, bai eta XXI. mendeko azpiegituren hornidura ere.

Ildo beretik, ministroak azpimarratu du Gobernuak langile-eskasia konpontzeko egindako apustua, eta, beraz, 2026an 500 epaile-plaza berri eta 200 fiskal-plaza sortuko direla, inoiz ez bezalako kopurua. Gainera, horiek betetzeko, gure historiako karrera judizial eta fiskalerako oposizio-deialdirik handiena egingo da.

Auzialdiko auzitegien lehen emaitza onuragarriak

Bolaños María Pilar Astray Gaztela-Mantxako Justizia Auzitegi Nagusiko presidentearekin eta Ramon Brigidano Toledoko Probintzia Auzitegiko presidentearekin ere bildu da gaur. Bileran, erkidegoko auzialdiko auzitegien ezarpenak erakusten dituen hasierako emaitza onak partekatu dira, hala nola, urte honetan egindako epaiketa kopurua % 12,7 igo izana.

Bilerak, halaber, balio izan du Ministerioak aurten Gaztela-Mantxan sortuko dituen 21 epaile-plaza berrien banaketa eta –Guadalajaran, Ciudad Realen eta Toledon unitate judizial berriak jarrita– emakumeen aurkako indarkeria-ataletan egin den errefortzua aztertzeko.

56 milioi euro Gaztela-Mantxako egoitza judizialetarako

Toledoko Auzitegi-Medikuntzako Instituturako 5,4 milioi euroko inbertsioa Torrijoseko eraikin judizial berrirako 6,8 milio euroko inbertsioari gehitu behar zaio. Gainera, Ministerioak 22,7 milioi euro inbertituko ditu Illescaseko egoitza judizial berrian, 16,3 milioi euro Talavera de la Reinakoan, eta 4,5 milioi euro Ocañako egoitza birgaitzeko. Guztira, Gobernuak 56 milioi euro bideratuko ditu erkidegoko instalazio judizialetara.

Toledoko Udalak lagatako lurren gainean eraikitako Auzitegi-Medikuntzako Institutuaren egoitza berriak segurtasun eta eraginkortasun estandar zorrotzenak betetzen ditu, eta prestatua dago zonaldeko jarduera judizialaren ondoriozko egungo eta etorkizuneko eskariari erantzuteko. Autopsiarako eta gorpuak identifikatzeko gelak, azterketa-gela duen klinika mediko-forentse bat, adingabeen gela, psikologo, psikiatra eta gizarte-langileentzako bulegoak ditu.

Eraikin berrian artatuko diren pertsona gehienak genero-indarkeriaren biktima dira, eta, hortaz, horien diseinua haiengan oinarritzen da, pribatutasun-bermeak dituzten zirkuituekin eta laguntza duinago eta egokiagoa eskaintzeko espazioekin. Eraikinak atxilotuentzako errekonozimendu-gela bat, zerbitzu komunak eta administraziokoak ere baditu. Gainera, Toledoko auzialdiko auzitegian espazio berriak sortzea ahalbidetuko du, banaketa arrazionalagoa egiteko eta aurreikusitako plaza judizial berriak hartzeko. Institutu honek Toledori eta Ciudad Reali ematen die zerbitzua; azken hiri honetan bigarren egoitza eta 27 profesional gehiago ditu.

Eraikin berriaren inaugurazioan Pablo Bellido Gaztela-Mantxako Gorteetako presidentea, Maria Pilar Astray Justizia-Auzitegi Nagusiko presidentea, Emilio Manuel Fernandez fiskal nagusia, Carmen Martin Toledoko IMLko zuzendaria eta Jose Pablo Sabrido Espainiako Gobernuak erkidegoan duen ordezkaria izan dira, besteak beste.