• Ministroak LOECrimen proiektua aurkeztu du Kongresuan, eta Justizia modernizatzeko agenda arautzailea defendatu du, immobilismoaren aurrean
• Bere balantzean, aurreikusitako erreformen % 50 osatu dela adierazi du, eta legealdiaren bigarren erdian egiteke dauden proiektuak onartzeko konfiantza agertu du
Felix Bolaños Presidentzia, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako ministroak agerraldia egin du gaur, berak eskatuta, Diputatuen Kongresuko Justizia Batzordean. Bolañosek Prozedura Kriminalaren Lege Organikoaren proiektua aurkeztu du, eta talde parlamentario guztiei eztabaida eraikitzailea eta ikuspegi zabala eskatu dizkie, hainbat hamarkadatan justiziaren eraldaketarik handiena izango dena negoziatu eta osatzeko.
Ministroak berretsi du erreformen garaia dela; Justizia modernizatzeko, epaileen eta fiskalen kopurua handitzeko, lan-baldintzak hobetzeko edo, 140 urte baino gehiagoren ostean, zigor-arloko prozesua eguneratzeko aukera historikoa. Erreforma horiek –gogoratu du– ez diote independentzia judizialari eragiten, ongi bermatuta baitago.
Bolañosek, halaber, bere ministeriotik bultzatutako arau-agenda anbiziotsuaren balantzea egin du; izan ere, % 50ean betetzat jo du, 2 urteko legealdiaren ostean, digitalizazio dekretua edo Efizientzia legea bezalako mugarriekin, XIX.mendean diseinatutako planta judizial bat modernizatzen duena.
Egiteke dauden erreformen inguruan, LOECrim berria eta Karrera Judiziala eta Fiskala Handitu eta Indartzeko Lege Organikoa bezalako ezinbesteko legeak aurrera ateratzeko lanean jarraituko duela berretsi du, hiru urtean 2500 epaile eta fiskal sartzea ahalbidetuko duena. Ruiz Gallardon, Llop, Catalá eta Caamaño ministroen lanaren emaitza ere badira proiektuok, gogoratu duenez.
LOECrim berri bat, modernoagoa eta bermatzaileagoa
Bolañosek Prozedura Kriminalaren Lege Organikoaren proiektuan zentratu du agerraldia, zeina prozesu penala modernizatzeko ezinbestekotzat jo baitu. Ministroak azpimarratu duenez, ikerketa Ministerio Fiskalari esleitzen dio, berme-epaile batek gainbegiraketapean. Epaile hark ikertuen oinarrizko eskubideei eragin diezaieketen ikerketa-neurri guztiak baliozkotu beharko ditu, eta fiskal ikertzailearen jarduera nagusien aurkako errekurtsoak ebatziko ditu, eta horrek instrukzio penal bermatzaileagoa ekarriko du.
Era berean, eredu berri honek Europako gure inguruko herrialdeekin homologatzen gaituela gogorarazi du, eta begirunetsuagoa dela epaileei justizia administratzeko eta fiskalei haien ekintza sustatzeko eginkizuna ematen dieten konstituzio-xedapenekin.
Era berean, testuaren beste berritasun batzuk ere nabarmendu ditu, hala nola herri-ekintzaren arauketa berria, Konstituzioaren eta Auzitegi Gorenaren jurisprudentziaren araberako mugak birkonsideratuz, negoziatutako konponbideen sustapena, edo kriminalitatearen aurkako borrokan tresna berriak eta aurreratuak sartzea.
Azkenik, gogorarazi du proiektuak Ministerio Fiskalaren Estatutu Organikoaren erreforma bat jasotzen duela, bere autonomia indartuko duena, besteak beste, Fiskal Nagusiaren agintaldiaren iraupena Gobernuarenarekin deskonektatzeko neurriekin.