Madrilen, abenduaren 30ean. - XIX. mendetik hona Justiziaren eraldaketarik handiena urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean, Efizientziaren Legearen azken fasearekin bat. Egun horretan, pertsona bakarreko epaitegi zaharrak (3.800) auzialdiko 431 auzitegi bihurtuko dira, zerbitzu publiko arinagoa, modernoagoa eta herritarrengandik hurbilagoa eskaintzeko.
Erreforma progresiboa izan da: 300 auzialdiko auzitegi baino gehiago daude martxan uztailetik, aparteko gorabeherarik gabe. Orain, Bartzelona, Madril, Zaragoza, Palma eta Valladolid bezalako barruti judizial handietan azken 100ak aktibatu dituzte. Oviedo, Gijon eta Avileseko bulego judizialak bakarrik jarriko dira martxan otsailaren 15ean, azken doikuntza teknikoak osatu ahal dezaten.
Bizkortasuna eta eraginkortasuna irabazteko egitura berri bat
XIX. mendean diseinatutako planta judiziala modernizatzen duen berrantolaketa sartzen du legeak. Orain arte, epaitegi bakoitzak epaile bakarra eta bere talde teknikoa zituen. Auzialdiko auzitegiak, aldiz, barruti judizialeko epaile guztiek osatutako kide anitzeko organoak dira, atal espezializatuetan antolatuak (zibila, penala, emakumeen aurkako indarkeria, etab.), eta laguntza teknikorako bulego judizial bakarra dute. Egitura horri esker, baliabideak optimizatu, lan-karga hobeto banatu eta malgutasuna handitu daiteke, beharretara egokitzeko eta botila-lepoak saihesteko.
Beste aurrerapen garrantzitsu bat Udalerriako Justizia Bulegoak sortzea da, herritarrei izapide judizial ugari egiteko aukera ematen dietenak, auzialdiko auzitegia dagoen udalerrira joan behar gabe. Uztailetik abendura bitartean, bulego horiek 114.000 izapide baino gehiago kudeatu dituzte.
Finantzaketa eta koordinazioa
Eredu berria ezartzeko, Ministerioak 325 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu, Europako funtsetatik, Justizian eskumenak dituzten 12 erkidegoetan, eta datozen 10 urteetan 300 milioi euro inguru aurreztuko ditu. Eredua martxan jartzeko koordinazioa eta plangintza bateratua izan dira, Ministerioko talde teknikoak eta autonomia erkidegoek 27 jarraipen-bilera egin dituzte, eta zazpi batzorde sektorial, urtean zehar.
Gainera, arau berriari buruzko prestakuntza-plan zabala garatu da, 280 informazio-saio baino gehiago, 305 digitalizazio-ikastaro, 15.000 parte-hartzaile baino gehiagorekin, eta Zerbitzu Komunetako Zuzendarien Jardunaldia, 300 parte-hartzaile ingururekin.
Erreforma hau, Ministerioan hainbat urtez lan egin izanaren emaitza, autonomia-erkidegoek, epaileek, magistratuek, Administrazioaren abokatuek eta Justiziako funtzionarioek hartutako konpromisoari esker izan da posible.
Auzialdiko auzitegien eraginkortasun frogatua
Uztailean abian jarritako auzitegiek prozedurak bizkortu dituzte eta hala dute datuek erakusten. Egiteke dauden komunikazio-egintzak (jakinarazpenak, eskakizunak, etab.) %36 murriztu dira, batez beste, zazpi erkidegotan; %43 Andaluzian eta %34 Valentziako Erkidegoan. Epaien exekuzioa %30 arindu da batez beste, Andaluzian %69ra, Gaztela-Mantxan %55era eta Katalunian eta Valentziako Erkidegoan %27ra iritsita. (Justizia Auzitegi Nagusietako Gobernu-Idazkariek emandako Auzialdiko Auzitegien datuak, uztailaren lehenetik aurrerakoak)
Bestalde, legeak auzien murrizketa ere sustatzen du, auzi zibiletan eta merkataritza-gaietan Gatazkak Konpontzeko Baliabide Egokietara (MASC) jotzea eskatzen baitu, edozein prozesu judizial hasi aurretik. Horrela, urteko hirugarren hiruhilekoan, auzi zibil berriak %30,9 jaitsi dira Espainia osoan.